Año 2007 URTEA Premio Manuel Irujo

lunes, 2 de octubre de 2023

2023 Fortunato Agirreren biografia

 

 a


Lizarran egindako Euskal Estatutuaren Batzarraren burua izan zen 1932an.


Duela 87 urte, San Migel egunean, Fortunato Agirre erail zuten frankistek Taxoareko hilerriko hormetan. Agirre Lizarrako lehen alkate abertzalea izan zen eta Lizarrako Euskal Estatutuaren Batzarraren burua 1932. urtean.

1893an jaio zen Arellanon, Lizarratik gertu, eta gurasoak nekazariak zituen. Hamar anai-arreba izan ziren. Hamalau urte zituela Lizarrako kaputxinoen nobiziatuan hasi zen, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal abertzaletasunean eragin handia izan zuen Iberoko Aita Ebanjelista bertako zuzendaria zela. Nobiziatuari utzi eta Iruñeko saltoki batean lan egin ostean, soldadutza egin zuen.

Tuteran ezkondu zen lehen aldiz, eta, emaztea hil ondoren, Lizarrara itzuli zen; bertan, ibilgailuen mekanika-lantegia zabaldu zuen. Berriro ezkondu zen Lizarran. Herrian, lehenik, zinegotzi hautatu zuten eta, geroago, hiriko alkate. Alkate zelarik, 1932an, Lizarran egin zen Euskal Estatutuaren Batzarraren buru jardun zuen. 1934ko udan, Autonomia Estatutua eta Euskal Ekonomia Ituna defendatzeko sortutako Nafarroako Alkateen Batzordeko burua izan zen.

Udalaren kudeaketa bikaina egin zuen. Bere agintaldian, grebak amaitu ziren, langabezia desagertu zen, bide handiak egin ziren hiriko zabalgunean, argiak jarri ziren berriro ere, inguruko errepideak eta zubiak eraiki ziren, kultura babestu zen, zoladura hobetu zen eta bakea itzuli zen kaleetara, lehenago, udalean batuta zeuden eskuindarrek biztanleen haserrea eta nahigabea besterik eragin ez zuten garai hartan.

Alkate izateaz gain, Osasuna taldearen sortzaileetako bat izan zen, EAJ-PNV alderdiaren Napar Buru Batzarreko kidea eta Lizarrako ikastolaren sortzaileetakoa.

Gerra Zibila eragin zuen altxamenduaren hasieran, Fortunato Agirrek arrakasta handirik gabe salatu zituen Gerra Zibilaren aurrelanak Nafarroan Errepublikako agintarien aurrean. Agirre lehen atxilotuetako bat izan zen, 1936ko uztailaren 18ko arratsaldean, Arellanon, jaioterrian. Haraino joan zitzaion bila falangisten pikete bat, atxilotzeko asmoz.

Gau hartan bertan, Rua kaleko presondegira eraman zuten, eta bi hilabete luze eman zituen han. Sasoi hartan, atxilotua trukatzeko edo aske uzteko kudeaketa-lanak ustelak izan ziren eta Taxoareko hilerriko hormen ondoan erail zuten, irailaren 29an.


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario