Año 2007 URTEA Premio Manuel Irujo

domingo, 10 de marzo de 2013

2005 Andres Iñigoren oroimenak



Jean Haritschelhar euskaltzain nafarra,  seigarren merindadekoa


     Luze eta zabal aipatzeko modukoak dira Jean Haritschelharrek bere bizi ibilbide oparoan lortu dituen titulu, kargu, merezimendu eta errekonozimenduak, hala nola, Bordeleko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Literatura katedra, Baionako Euskal Erakustokiko zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Espainiako UNEDeko Doktore Honoris Causa tituluak, etab.
     Hala ere, uste dut ez naizela batere oker ibiliko erraten badut bertze berezitasun aipagarri batzuen eraginez dela hagitz ezaguna eta gogoko Nafarroa Behereko Jean Haritschelhar gure artean ere, hemen Nafarroa Garaian. Euskaltzainburu izan den urte luzeetan, batik bat, bisitari eta parte hartzaile izan dugu maiz aski Nafarroan, hiriburuan ez ezik bertze hainbat herritan ere, hasi Beratik eta Tuteraraino, harreman instituzionaletan, ekitaldi akademikoetan, ageriko ekitaldietan edota zenbait bilera eta bisitatan. Planta ederreko gizon errespetagarria izateaz gainera, beti atsegin, irribarretsu eta gozo agertu zaigu Jean, jendearekiko hurbila eta agerraldi akademikoetan hizlari adierazkorra, entzuleen arreta erraz bereganatzea lortzen duen komunikatzaile bikaina.
     Mundu akademikoan entzute aitortua duen irakasle euskaltzaina, aldi berean, herriari lotua ikusi dugu, ez bakarrik bederatzi urtez bere sorterriko alkate edota bertze urte anitzez Pilotarien Biltzarreko kide eta zuzendari karguetan egona delako. Izan ere, euskaltzainburu izan denean maisuki erakutsi du erakundea gizarte maila guztietan ordezkatzen, bai goi mailako herri aginteekiko harremanetan, bai herri eta jende xumeekikoetan ere. 
     Bere burua “izatez nafarra eta politikoki frantziar hiritarra” definitzen duen Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia, Nafarroako seigarren merindadeko Baigorrikoa da, mugaz haraindiko eta honaindiko nafarrok, muga kontuak gaindituz, urtero udaberrian Nafarroaren eguna elkarrekin ospatzen dugun herrikoa, hain zuzen ere.

Andrés Iñigo
Euskaltzandiaren Nafarroako ordezkaria


No hay comentarios:

Publicar un comentario