Año 2007 URTEA Premio Manuel Irujo

domingo, 10 de marzo de 2013

2005 Miren Azkarateren gogoetak


Euskara da nire aberria

Miren Azkarate

Jean Haritschelharen izena entzutean irribarre zabala datorkigu askori gogora; gizon garaia, ona, patxadazkoa, umoretsua. Ezpainekin bakarrik ez, begiekin ere irribarre egiten duen horietakoa. Bizitza luze eta oparoa izan du Jean Haritschelharek, eta bizitza horren nondik norakoak ongi ulertzeko, berak esana gogoan hartzea da egokiena: “euskara da nire aberria”. Euskaltasun horretatik abiatuta landu ditu, bizi izan ditu, lanbidea eta zaletasunak laurogeita hamar urtetan zehar. Euskaltasuna dute ardatz Jean Haritschelharen mila aurpegiek. Iparraldean beste askori gertatu zaion bezala, gaztetan egin zen pilotazale eta zaletasun horrek eraman zuen 1968an Pilota Federazioan sartzera; ondoren, Pilota aldizkaria sortzera, eta 1981ean Pilotarien Biltzarreko buru hautatua izatera.
Unibertsitate ikasketak egin ondoan, literatura irakatsi zuen urte luzez Bordeleko unibertsitatean. Eta, bere euskaltzaletasunetik, Pierre Topet Etxahun ikertu zuen doktore-tesia ontzeko. Ez zen, ordea, nahikoa. Euskararen aberri horren alde gehiago egin zezakeen eta gehiago egin zuen, egin du, eta egiten du Jean Haritschelharek. Euskararekin zerikusia duen edozein toki eta zokotan aurkituko dugu. Baionako Erakustokiko zuzendari urte luzez, Bulletin du Musée Basque berpiztuaz eta hango artxiboetara hainbat dokumentu eta liburu balios bilduaz; Herria astekarian gaur ere astero irakurriko ditugu haren idatziak. Irakaskuntzaren munduan ere lehen lerroan ibili da Ikas erakundean eta Seaskan. Egiazko aitabitxi eta erreferente da gaur egun Iparraldean edozein euskaldunentzat. Ezin bestela izan, eginiko lan guztiaren ondoren, tartean Baigorri, bere sorterriko auzapez ere izana baita.
Baina beste ororen gainetik, Euskaltzaindiarekin lotua ageri zaigu Jean Haritschelhar. Euskaltzain osoa da 1962az geroztik; euskaltzainburuorde, 1968tik 1988ra; eta hamasei urtez euskaltzainburu. Aberri duen hizkuntza horren batasunaren lekuko, eragile eta egile nahitaezkoa.
Euskaltzaindiak 1995ean Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae argitaratu zuenean, hauxe idatzi zuen Haritschelharek hitzaurrean:
“Orduz gero mintzaira idatzia jalgi daiteke Etxepareren oihu famatuari jarraikiz: kanpora…, plazara…, mundura…, mundu guzira… eta azkenik munduko mintzaira idatzien arteko dantzara.
“Kontrapas” delakoaren oihuak badauka “Sautrela”-n bere oihartzuna, manu gisa emana: “Heuscaldun den guiçon oroc alcha beça buruya”.
Laurehun eta berrogeita hamar urteren burlan hauxe da daukagun hizkuntzarekiko ametsa: gal beza ahalkea eta beldurra, izan dadila, idazleei esker, ausart, entregu, bitore eta beste hizkuntzak bezain aberats eta konplitu.
Idazle izanik ala ez, beldurrik gabe, orain ere “euskaldun den gizon orok altxa beza burua”.
Horixe da Jean Haritschelharek bizitza osoan egin duena..
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario