Ezkutatu ziguten historia
Duela 500 urte
Nafarroan zer gertatu zen badakigu, ni mutil kozkorretan eskolan nenbillela
testu liburuetan jartzen zuen deus gutxik azaltzen etzuen bezala. Hitz gutxitan
esan behar banu, esango nuke gaztelu urratuek, odol isuriek, malkoek eta
karraxiek estali zutela orduko Nafarroaa osoa. Nafar Erresumaren sorrera
ulertzeko, urteetan atzera eginda, saia gaitezen irudikatzen nolatsu biziko
ziren gure arbasoak, erabakiak batzarrean hartuaz eta lanak auzolanean eginez. Erromatar
Inperioa desegina zen baina haien atzetik Bisigodoak, Frankoak eta Musulmanak
erasoka ari ziren alde guztietatik eta nolabait antolatu beharra zegoen eraso
horiei aurre egiteko:babes sarea sortuz, gazteluak jasoaz eta legeak usadio
zaharretan oinarrituaz finkatuz. Horrela mendeetan zehar borrokan eta muga
aldakorretan bizitzen ziren orduko jendeak berena zutenari eutsi nahian,
menpean hartu zituzten arte.
Orduezkeroztik,
Nafarrroan zer eta nola gertatu den garbi esana dute lege-gizon aditu eta
idazle naparrrek eta esandakoa gogoratzeak gauzak ulertaraziko dizkigu. Angel
Sagaseta de IIurdozek garbi esan zuen: “Ez
dago inungo erresumarik, haundi eta indartsu izateagatik, Napar Erresumarengan
eskubidea duenik”. Iribasek 1841eko legeari buruz: “Zer ginen eta zer garen, zer genuen eta zer daukagun ikusten duenak
ederki daki lege hau Nafarroari agur esatea dela”. Olorizek, duela 100
urte, “Cartilla Foral” argitaratu
zuen ondorengo gizaldiek irakur eta ikas zezaten zenbat gauza kendu zizkiguten
eta haundiena, burujabetza kentzea izan zela garbi aski esaten du. Kanpionek
zioen:”Naparra gero eta gutxiago de
Naparra eta gero eta gutxiago euskalduna, batak bestea bere izateaz hustutzen
duelako”. Iturralderen metafora ezin argiagoa Errotazuriko txoritxoarena: Kabitik hartu eta kaiolan sartu, handik
alde egin nahian elbarritu eta hilzorian egon eta denborarekin zauriak sendatu,
ematen ziotena janez eta erakutsi zizkioten doinuak piokatuz, egun batean
kaiolako atea ireki zioten eta hegan eginez bere kabi ondora joan eta arrotz
egin zuen, etzuen ezagutu” eta
Iturraldek erregutzen du, Euskal-Herria etzazu sekula holakorik egin. Monteanok
bere liburuan erakusten du Nafarroa 1500.urtean nolakoa zen, hiztunen 10etik 8
euskal hiztunak; kontutan eduki, orduan, Naparroa Garaia eta Benafarroak
osatzen zutena zela Naparroa. Orixek esaten zuen: “eman diezaiegun arnasa, inork esan ez dezan, hemen herri bat bazen”.
Lizarrako Gaztelu Nagusia
Honen aurrean,
gaur, batzuk urratutako horma zaharrak berriro jasotzeko ahaleginean eta
besteak, horma horien barrenean giroa gozatu dadin berotzeko sua piztuz eta
suarentzat egurra pilatzen, ahalegin guzien beharra ere izango da eta lainopean
muga galduak non dauden aurkitu nahian. Elbarri denak, zauri asko dauzkanak,
pixkanaka lehenengo ahalegina bizirik irautea izango du; gero, zauriak
konpontzea, bihar hezur hautsiak ez dezala muina izorratzea ekarri.
Asko dago egiteko
eta beharbada, lehenengoa, nondik eta nola hasi egiten, horixe argitu. Dena den,
nork egin behar duen garbi edukiko dugula uste dut.
Iñaki Perurena
No hay comentarios:
Publicar un comentario