Año 2007 URTEA Premio Manuel Irujo

lunes, 18 de febrero de 2013

2003 Pello Salabururen hitzak




Beti ikasten da zerbait Pedrorekin



Pedro Miguel Etxenike aspalditik ezagutzen dut eta, garaien arabera, harreman handia izan dugu: bera, zientzialari ospetsua; ni, Baztango kontrabandista. Batek daki horregatik hartzen ote dugun hain ongi. Biak nafarrak. Asko estimatzen dudan adiskidea da. Eta estimu horrek baditu funts sendoak: batetik, gutxi ditugu zientzia mailan bera bezain ongi prestatuak Euskal Herrian; bestetik, gizon ausarta eta ideiaz betea da, ez dakit nik hori zientzialarien artean arrunta den, baina ez dut uste; maitasun handia dio herri honi, eta zirt edo zart egin behar denean badaki nola hautatu zuzen. Edo, erran dezadan bertze modu batean, arruntean egiten duen aukerarekin bat nator gehienetan. Eta behar duzunean han dago beti. Nik anitz ikasi dut beragandik, ez dut inolako ahalkerik hori errateko. Hobeki erranen dut: ez dakit anitz ikasteko gai izan naizen, baina berak anitz erakutsi dit, hori bai, gizon distiratsdua baita. Beti ikasten da zerbait Pedrorekin.
Donostian sortu duen ikerkuntza ingurunea harrigarria da. Batzuei hori onartzea kosta egiten zaie --denek uste baitugu gu garela hoberenak, nola ez--, baina Euskal Herri osoan ez da inondik ere zentro horren parekorik, ez hurbiltzen zaionik ere. Hori da errealitatea. Ikergune hori erreferentzia da mundu osoan, eta gure zientzia ekoizpenean buru-buruan dago. Beharbada, gauzak orekatzeko, hemen hain distiratsuak ez diren kontuak ere aipatu beharko nituzke, ez da munduan horretatik libratzen den pertsonarik, baina ez dut eginen, jakina. Bizi izan ditugun anekdota batzuk liburu batean sartu beharko nituzke beharbada, eta egunen batean animatuko naiz agian. Ni, zergatik ukatuko dut, nahiko fan naiz Etxenikerekin, eta harro sentitzen naiz eskaintzen didan adiskidetasunarekin. Gutxi ditugu bera bezalakoak, eta eskertuak egon beharko genuke EHUko irakasleak egin duen ekarpenaz.

Pello Salaburu

No hay comentarios:

Publicar un comentario