Año 2007 URTEA Premio Manuel Irujo

viernes, 26 de junio de 2020

2009 Euskara gurea da



EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE


23 urte luze igaro dira Nafarroako Parlamentuak Vascuencearen legea onartu zuenetik, nafar askori euskaraz bizitzeko eskubidea ukatu zigunetik, alegia. 23 urteotan euskara geure eguneroko tresna dugun hiritarron hizkuntz eskubideak behin eta berriro urratu dira.


Lege horrek ez ditu euskara eta euskal kultura bultzatzen, aitzitik gure kulturaren berreskurapenaren alde ibili diren erakunde orori kalte egin die. “Nafarroa aniztasunaren herrialdea” leloak etxekoak ahantzi eta urrundik datozenei ireki dizkie ateak. Patuaren paradoxa. Agian erresuma zaharraren galerak ekarri zuen gure nortasunarena.

Lege horrek baztertzen gaituen arren ez dezagun amore eman eta gaur, inoiz baino arrazoi handiagoz, bat eginik izan behar dugu euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoen aurrean. Politikarien erabakiek gure herri eta hirietan euskara bizirik iraunarazi duten hainbat elkarte eta talderen etorkizuna kinka larrian jar dezakete. Diru-laguntzen murrizketa da darabilten estrategia gure inguruko zenbait ekintza euskaltzale desager dadin. 2009ko ekimenetarako 30.549 euro besterik ez dute eman. Erabaki zekena hartu dute euskararekiko gure agintariek eta orain ETB Nafarroan ikusterik izanen ote den zalantzatan dabiltza.



Krisian murgilduta gaudenez Gobernu Foralari proposamen berritzailea egin nahi diogu heldu den errenta aitorpenerako. Bete behar den inprimakiari bertze laukitxo bat gehi diezaiotela, honela gu bezalako hiritar nafarrek gure zergen zati bat euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintzetara bideratzeko aukera izan dezagun. Erabaki demokratikoa eta orijinala litzateke eta buruhauste  gutxiago izanen lukete.

Jakin dezatela guk aitzinera eginen dugula. 1545ean Beñat Etxeparek munduari errana: Euskara jalgi hasi plazara” oraindik ere entzun dezakegu. Gure arbasoek belaunaldiz belaunaldi erakutsi diguten euskara da. Gaur bat egin dezagun euskaldun guztiekin. Euskarak eta euskal kulturak aitzinera darraite Euskal Herrian.
Koldo Viñuales
Irujo Etxea Elkartearen Lehendakaria


No hay comentarios:

Publicar un comentario